Home Berriak Matematikako azterketa berriro egiteko eskatu dute milaka ikaslek

Matematikako azterketa berriro egiteko eskatu dute milaka ikaslek

EHUko selektibitateko proban atzo egindako Matematikako azterketa 'zailegia' izan zela iritzita, sinadura bilketa abiatu dute. Horrez gain, erreklamazioa aurkeztu dute unibertsitatean.

EHUko campusetan atzo hasita selektibitatea egiten ari diren milaka gazte oso haserre agertu dira gaur, Gizarte Zientzien ataleko Matematika azterketa "zailegia" izan delako. Gazteen hitzetan, maila oso altuko azterketa izan zen, eta Batxilergoan ikasitakoarekin zerikusirik ez duten ariketak jarri zizkieten.

Hori dela eta, sinadura bilketa abiatu dute Change.org gizartean aldaketak egitea eskatzeko plataforman, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta. "2016ko selektibitateko Gizarte Zientzietako Matematikako azterketa erretiratzea edo baliogabetzea eskatzen dugu, izan duen mailagatik", idatzi dute sinadurak biltzeko plataforman. Dagoeneko, 11.500 sinadura baino gehiago bildu dituzte.

Irakasle askok ere bat egin dute ikasleen ekimenarekin, azterketa oso zaila izan zela iritzita.

Horrez gain, erreklamazioa aurkeztu dute unibertsitatean. Dena dela, EHUk esan duenez, azterketa ondo bideratuta zegoen, ariketak programan jasota zeuden, eta irakasleek bazekiten horiek ere sar zitezkeela.

  • Partekatzea: