Home Berriak Euskaraldia ospatzeko motorrak berotzen hasi dira Berrizen

Euskaraldia ospatzeko motorrak berotzen hasi dira Berrizen

Koronabirusak eragindako konfinamenduak behartuta, etxekoen arteko harremanak biderkatu egin dira asteotan. Aurrez-aurre zein telefonoz, azkenaldian gehiago erlazionatzen gara gure senitartekoekin, nahiz eta elkarrengandik urruti egon. Berrizen ondo dakite hori, eta probetxua atera nahi diote egoera berriari. «egoera bitxi eta berri honen aurrean, aukera berriak zabaldu zaizkigu», diote Udaletik. Horrela ba, hizkuntza ohiturak aldatzeko urte amaierarako antolatu den Euskaraldirako motorrak berotzen hasi dira.

Dinamika 'Etxealdia' izenarekin egin da ezaguna eta komunikatzeko erabiltzen ditugun ohiturei erreparatzea eta hizkuntzari buruz hausnartzea izango litzateke horren helburuak. «Orain denbora daukagu gauzak beste patxada batekin hartzeko. Atera gaia eta gogoeta egin: Zein da zuen hizkuntza ohitura? Zer nahiko zenukete?», diote bultzatzaileek.

Ildo berean, adosteko unea heldu dela diote. Hau da, behin helburuak finkatuta, aldatu beharrekoaz hausnartzea proposatzen dute. «Ahalegindu errealista izaten, posiblea dena adosten», adierazi dute.

Hirugarren urratsa ikasitakoa praktikan jartzea izango litzateke, laugarrena aldiz, praktika horri eustea. «Gure errutinak aldatzea ez da erraza. Egia da egoera berria dela denontzako, baina errotutakoa aldatzea ez da samurra izaten. Sinistu behar dugu emaitzetan helburua lortzeko», diote sustatzaileek. Pausu hori eman ondoren, lortutako lorpenak zein izandako oztopoak komentatzea eta aurrerapausuak ospatzea izango zen ondorengo urratsa.

Seigarrenez, behin 'Etxealdia' amaitzean bertan egindako lanari ekitea dagokio. «Ez zarete damutuko», diote Berriztik. Zazpigarrenik eta azkenik, aldiz, ikasitakoa zein lortutakoa etxetik kanpora zabaltzea eta inguruko lagun, ezagun zein lankideei antzeko bidea proposatzea izango litzateke.

Jarrera aktiboa daukan edozeinek egin dezake erronka hori etxean. Berrizko Udaleko Euskara arloak argi dauka: «Esperientzia hau bizi ondoren askoz errazagoa izango da Euskaraldian lankide eta lagunen arteko harremanei heltzea».

Iturria: https://www.elcorreo.com/zurekin/euskaraldia-ospatzeko-motorrak-20200418145634-nt.html

  • Partekatzea: