Home Berriak Paul Rios, Jakindun kanala: “Hezkuntza demokratizatzen dute online baliabideek”

Paul Rios, Jakindun kanala: “Hezkuntza demokratizatzen dute online baliabideek”

017tik ikasleen zalantzak argitzen dabil. Basaurin sortutako proiektu hau DBHko eta Batxilergoko ikasleek zientziekin -zentzu zabalenean ulertuta- izan ditzaketen arazoak konpontzen saiatzen da. Jakindun izena jarri zioten sortzaileek: YouTube plataformaren bidez, proiektuan parte hartzen duten irakasle ezberdinek argibideak ematen dituzte bideoen bidez. Gaur egun jorratzen dituzten gaiak, batik bat, DBHko zientziak dira: fisika, kimika eta matematika. Konfinamenduak argi utzi du online ikasketek badutela tokia egungo hezkuntzan. Egun, Jakindunek YouTuben duen kanalak ia 130.000 ikustaldi ditu. Pozik begiratzen dute etorkizuna, online hezkuntzaren hazkundeari helduz eta plataforman, oinarrizko zientziekin batera, bestelako gaiak jorratzeko asmoz. Xabier Urizarbarrena ekoizlearekin (Gasteiz, 1984) eta Paul Ríos elkarteko presidentearekin (Getxo, 1974) bildu gara.

Nola sortu zen Jakindun?
Xabier Urizarbarrena: Jordi Monedero da gure kide basauriarra. Taldean hasi ginen hausnartzen ea zer zegoen sareetan eta zeintzuk ziren beharrak eta hutsuneak. Ikusi genuen YouTuben arrakasta handia zutela Unicoos bezalako kanalek; beraz, pentsatzen hasi ginen ea nola lor genezakeen euskarazko hezkuntzari bideratuta. Konturatu ginen ikasle askok interneten bilatzen zituztela euren ikasketetan laguntzeko baliabideak, baina ia eskaintza osoa gazteleraz dago. Hasieratik argi genuen zerbait txukuna egin nahi genuela.

Paul Ríos: Guraso talde bat gara eta askotan tokatu izan zaigu etxeko lanekin laguntzea. Momentu horietan nabari genuen hutsune hori. Gure seme-alabek euskaraz ikasten dute eta batzuetan ez dakite gauza batzuk gazteleraz esaten, esaterako, nire semeek ez zekiten zelan esan ‘erro karratua’ gazteleraz. Beraz, interneten informazioa bilatzen duzunean haiei laguntzeko, konturatzen zara ez dela baliagarria gehiena gazteleraz edo ingelesez dagoelako. Gainera, umeek naturaltasun osoz erabiltzen dute YouTube informazioa bilatzeko. Beraz, hutsune hori bete behar zela ondorioztatu genuen.

Zein da Jakindunen helburu nagusia?
X.U.: Ikasleei kalitatezko baliabideak eskaintzea euskaraz. Zaila da interneten baliabide zientifikoak topatzea. Egon badaude bideo batzuk oso azalpen onak ematen dituztenak, euskaraz, baina bisualki pobreak. Alderantziz ere gertatzen da: irudiz bideo onak, baina material pedagogikoari dagokionez hutsuneak dituztenak.

Hortaz, aurrez aurreko hezkuntza online hezkuntzarekin konbinatzea.
X.U.: Bi irakaskuntzak konbinatzeak abantaila asko ditu. Adibidez, itxialdian, Jakindunen online irakaskuntza bideoen ikustaldiek gora egin zuten, baina konfinamendutik atera ostean, jaitsi egin dira. Hala ere, audientziaren parte handi bat mantendu dugu eta bideoak gehiago erabiltzen dituzte. Era berean, irakasleek gero eta gehiago gomendatzen dute halako baliabideetara jotzea, fidagarriak direlako. Egia da zaila dela interneten hezkuntzaren inguruko eduki txukunak topatzea, baina aurkitzen denean ikasleen hezkuntzan laguntzeko tresna oso erabilgarria dira.

P.R.: Hezkuntza tradizionala bezala ezagutzen dugunaren osagarri dira online baliabideak. Batzuek uste dezaketenaren aurka, bi eredu hauek ez dira kontrajarriak. Pobrezian edo bazterketa egoeran dauden haurrekin lan egiten dut beste erakunde batean. Haien egoera oso konplikatua da, baina guztiek mugikor edo ordenagailu bat dute. Nire ustez, online ikasteko aukerak hezkuntza demokratizatzen du. Askotan zaila da goi-mailako kalitate batera heltzea, eta gure helburua hori da, kalitatezko zerbait eskaintzea eta edonoren eskura jartzea. Agian nire aurreiritzi bat da, baina beti dago lehia bat bi ereduen artean, eta esan dudan moduan, osagarriak dira.

Eta zeintzuk dira, presentzialaren aldean, onlineak dituen abantailak?
X.U.: Materia jakin bati buruzko bideo argigarri bat existitzea, horixe bera bada abantaila bat. Esaterako, itxialdian, irakasleak eskolak prestatzeko orduan hau kontuan izan dute: klasea egokituz Jakindunen bideoan jorratzen denera, edo ikasleei zuzenean baliabide hau eskainiz, klasea hasi baino lehen edo ondoren ikusi dezaten. Bideoa gelditu daiteke, atzera edo aurrera egin, eta hori abantaila garrantzitsua da.

P.R.: Larrialdi egoeran geunden. Zoramena izan zen hura ikasleentzat zein irakasleentzat. Plataforma honek egoera berezi horrek eragindako ‘arazoak’ konpontzeko balio du. Baina, birusak eragindako egoeratik at, hezkuntzan joera berri bat dago: edukiak eman, ikasleak bere kabuz landu eta geroko klaseak erabili zalantzak argitzeko. Horretarako oso baliagarriak dira Jakindun bezalako baliabideak, irakasleek aukera daukatelako bideo horiek ikasleei eskaintzeko eta hezkuntza presentziala beste modu batean bideratzeko. Gu ez gara adituak, baina hezkuntzako profesionalekin ari gara lanean beti.

Euskara eta eremu digitala. Apurka-apurka bidea irekitzen ari da hizkuntza, baina trabak ez dira gutxi.
P.R.: Jakin badakigu zer egoeratan dagoen gure hizkuntza eremu digitalean. Eta bidea irekitzeko plataforma bat da Jakindun: eskolan euskaraz ikasten duen ikasle batentzat errazagoa da euskarazko baliabideekin ikasgaiak errepasatzea etxean dagoenean. Baina, tira, ez da dirudiena bezain erraza. Adibide bat jartzearren: polinomioak abenduan ikasten dituzte gazteek; bada, polinomioen inguruko bideoak ikustaldiak abenduan izango ditu, gero, urtean zehar, ez du inork ikusiko. Baina gakoa da polinomioen bideoak abenduan egon behar duela eskuragarri eta orduan merezi duela bideoa YouTuben egotea, nahiz eta urtean zehar inork ez ikusi, eskuragarri egon arren. Gazteentzat internet egunerokotasunean sarturik dagoen zerbait da.

X.U.: Egia da YouTuben euskarazko kanal bat izateak desabantailak dituela. Kanalak ikustaldiei esker mugitzen dira, eta ezin dugu gaztelera edo ingelesa bezalako hizkuntzekin alderatu, batik bat, ikasle kopuruari dagokionean. Baina guk ez badugu egiten, nork egingo du?

Zientziez gain, bestelako esparruren bat jorratzen hasiko zarete?
X.U.: Zientziekin jarraituko dugun arren, matematikak direlako ikasleek laguntza gehien behar duten esparrua, beste gai batzuk jorratu nahiko genituzke. Asmoa dugu datorren urtean filosofiarekin hasteko eta storytelling eran agertzeko. Horrela, agian, ikasleekin beste lotura bat lor dezakegu. Gure bideoak orain arte DBHra egon dira zuzenduta, beraz, gustatuko litzaiguke batxilergorako eta selektibitaterako erabilgarriak diren baliabideak sortzea. Horrez gain, nahiko genuke irakasle gehiagok parte hartzea gure ekimenean.

Iturria: https://www.geuria.eus/herriak/galdakao/galdakao-lan-bizitza-pentsio-duinak-2021-otsaila-manifestazioa/

  • Partekatzea: