Home Berriak Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu nahi duzu? Izena emateko epea ireki berri dute

Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu nahi duzu? Izena emateko epea ireki berri dute

Aurten ospatuko den Euskaraldian 'ahobizi' edo 'belarriprest'en roletan parte hartu nahi duzu? Ba jakin ezazu bigarren edizio honetan izena emateko epea ireki berri dutela. Ostegun honetan goizean izan zen ekimenaren aurkezpena Gasteizen, eta ariketa sozialeko parte hartzaileek euskara sustatzeko aukera izango dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra.

Antolatzaileek parte hartzeko dei zabala egin zioten gizarteari, eta aurkezpenean izan ziren Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, beste erakundeetako kideekin batera. Horien artean, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidentea eta Andres Urrutia euskaltzainburua nabarmendu daitezke.

Baina zertan datza Euskaraldia? Antolatzaileek prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala da, euskararen erabilera bultzatzeko balio duen ariketa, alegia. Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera ariko dira 15 egunetan. Eta aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek: 'belarriprest' eta 'ahobizi'. Ea zeintzuk diren rol bakoitzaren ezaugarriak? Ba 'Belarriprest' taldean euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak egongo dira. Euskara ulertzen dute horiek eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute une oro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Izan ere, «gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean».


'Ahobizi' taldean, berriz, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute parte hartzaileek. Hizkuntza ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da eta jokaerak definituko du rola, alegia.

Baina nork parte har dezake ekimenean? 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Esan bezala, euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena.

Profil oso anitza
Osteguneko agerraldian azaldu zutenez, lehen edizioko parte hartzaileen profila oso anitza izan zen. 16 urtetik gorako adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten 'ahobizi' eta 'belarriprest' modura. Beraz, aurten ere aniztasun horri eustea izango da helburua, iaz gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta 'belarriprest' jokabidea hartuko dutenak.

Hala ere, Euskaraldiaren lehen edizioan bi rol horietan murgildu ziren herritarrak berriz ere izena ematera animatu zituzten antolatzaileek, eta arrazoi ezberdinengatik 2018an parte hartu ez zutenek ere ateak zabalik dituztela adierazi zuten. Bestalde, orain arte ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazi duten herritar guztiek ere izena eman beharko dute.

Baina nolakoa izango da izen-ematea? Inskribatzeko hiru bide egongo direla azaldu dute: euskaraldia.eus webgunea, batetik; herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik; eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioaren bidez, azkenik.

Aurreko Euskaraldian baino herri kopuru handiagoa
Covid 19ari dagokionez, agerraldian hitza hartu zuten ordezkariek bigarren Euskaraldian pandemiak sortu duen egoerak eragina izango duela nabarmendu zuten. Hala ere, lehen edizioan Euskaraldira batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu zuten antolatzaileek. Izan ere, izena eman duen herri kopurua 412koa izan da eta aurreko edizioan 405 herritan egin zen.

Horrez gain, informatu zuten jadanik 4.300 baino gehiago direla ariguneak sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 arigunetik gora egongo direla. Era guztietako entitateek ariguneak sortu eta Euskaraldian inskribatzeko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta urrian jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

ITURRIA: https://www.elcorreo.com/zurekin/euskaraldiaren-bigarren-edizioan-20200924135142-nt.html

  • Partekatzea: